Iritsi dira Errigorako produktuak Galtzaundira. Astearte honetan jaso ditugu Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, ardoak eta arroz-, pasta-, lekale- eta kontserba-sortak. Orain, martxoan egindako eskariak jasotzeko garaia da. Eskualdeko 17 herri hauetan banaketa puntuak jarriko dira: Abaltzisketa, Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Lizartza, Orendain, Tolosa eta Zizurkil.
JASO ZURE SASKIA
Galtzaundiren kasuan, produktuen banaketa egun hauetan egingo da egoitza berrian (Plaza Berria 1):
- Maiatzak 6, asteazkena 15:00-18:00
- Maiatzak 7, osteguna 9:00-14:00 eta 15:00-18:00
- Maiatzak 8, ostirala 9:00-15:00
Gogoratu Galtzaundiren egoitza lekuz aldatu dela eta orain Tolosako Plaza Berrian kokatzen dela (kioskoaren atzean). Ate nagusia Plaza Berrikoa da eta koska txiki bat du. Hala ere, karrotxoentzat egokiagoa den arrapaladun bigarren sarrera bat ere badu egoitzak Barrena kaletik (txirrina jo eta atea itxita egoten baita). Eskaria kotxez jaso nahi izanez gero, aipatutako Barrena kalean bertan zamalanetarako aparkalekua dago erabilgarri.
*Eskualdeko herrietan produktuak non jasotzeko informazioa osatzen ari gara.
