‘Euskaraz ganoraz’: eguneroko euskarari astindu bat emateko saioak emango ditu Xabier Euzkitzek Galtzaundin

Euskaldunen eguneroko euskara hobetzeko helburuarekin, Euskaraz ganoraz ikastaroa emango du Xabier Euzkitzek. Tolosako Udalak antolatu du ikastaroa, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkartearen laguntzaz. Hiru asteartetan izango dira saioak (apirilaren 21ean, apirilaren 28an eta maiatzaren 5ean), 18:30etik 20:00etara. Galtzaundiren egoitzan egingo dituzte hiru saioak, Plaza Berrian. Doako ikastaroa izango da, eta ez dago izena eman beharrik.

Ikastaroaren helburua da eguneroko hizkuntza-jardunari erreparatzea, eta eguneroko euskarari «astindu bat» ematea, Euzkitzeren beraren hitzetan. «Ongi erabiltzen ditugunak finkatu, eta erdipurdi edo trakets erabiltzen ditugunentzat ordain egokiak bilatuko ditugu». Ez dira, ordea, gramatika-kontuetan aritzeko saioak izango: kantuak, jolasak eta ariketa errazak izango dituzte oinarri hiru saioetan, «gramatikaren zurrunbiloetan zorabiatu gabe».

Euzkitzeren esanetan, euskararen erabilerari eta kalitateari, biei erreparatu behar zaie. «Biak loturik doaz, izan ere: zenbat eta euskara-maila hobea izan, orduan eta adierazkortasun handiagoa izango dugu; zenbat eta errazago eta egokiago erabili, hainbat eta gehiagotan joko dugu euskarara». Horregatik, ikastaroan parte hartzeko deia egin die euskarak «kilimarik» eragiten dien guztiei, euskara-maila bat edo beste izan. «Elkarrekin ikasiko dugu!».

‘Euskaraz ganoraz’: eguneroko euskarari astindu bat emateko saioak emango ditu Xabier Euzkitzek Galtzaundin 3