Tolosaldeko 37 okindegik euskara sustatzeko kanpaina jarriko dute martxan

  • Azaroaren 24tik 30era egongo da martxan “Puntu-puntuan zaude, atera labetik!” izeneko kanpaina.
  • Euskara sustatzeko pausoak eman dituzte okindegiek eta orain, hori sozializatzeko opari-txartelak zozketatuko dira bezeroen artean.
  • Alegiako, Amasa-Villabonako, Anoetako, Asteasuko, Ibarrako, Irurako, Tolosako eta Zizurkilgo okindegiak eta gozotegiak izango dira kanpainako protagonistak.

Euskararen erabilera areagotzea helburu duen “Puntu-puntuan zaude, atera labetik!” kanpaina sustatu du Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak, udaleko euskara zerbitzuekin eta UEMArekin elkarlanean. Bertan, Alegiako, Amasa-Villabonako, Anoetako, Asteasuko, Ibarrako, Irurako, Tolosako eta Zizurkilgo 37 okindegik eta gozotegik hartuko dute parte.

Kanpainaren helburu nagusia, parte hartuko duten okindegien eta gozotegien hizkuntza paisaian euskararen presentzia areagotzea da. Horrekin batera, bezeroak euskara lasai erabiltzera ere bultzatu nahi dira; hortik kanpainaren leloa. Horretarako eta bidea egiten laguntzeko, merkatari bakoitzarekin banakako lana egin eta bakoitzaren errealitatearen arabera, eman beharreko pausuak aztertu eta proposatu dira. Horri esker, saltokietan erabiltzen diren etiketak eta bestelako idatziak euskaraz egongo direla bermatzeko lan egin da. Egindako aldaketak bistaratzeko, eta aurrerantzean gehiago egingo dituztela jakinarazteko, azaroaren 24tik 30era okindegietako produktu nagusia zozketatuko da egunero bezeroen artean. Okindegi eta gozotegi bakoitzak doako bi ogi banatuko ditu erosleen artean zozketa-txartelen bitartez.

Hizkuntzaren ikuspegitik, saltoki bateko erakusleihoko eta barneko idatziek, bezeroak hizkuntza batean edo bestean komunikatzera gonbidatzen dute. Eguneroko erosketak euskaraz egin ahal izateak, euskara paisaia linguistikoan ikusteak, balioan jartzen du gure hizkuntza. Garrantzitsua da euskarak geroz eta espazio gehiago hartzea.

Kanpainan parte hartuko duten okindegiak eta gozotegiak:

  • Alegia: Errotatxo eta Ruta 33.
  • Amasa-Villabona: Amasa, Aramendia, Errotatxo eta Labezain.
  • Anoeta: Errotatxo eta Laia.
  • Asteasu: Kabela.
  • Ibarra: Azkue, Oramahai, Errotatxo eta Mahmoud.
  • Irura: Xare.
  • Tolosa: Aradulce, Aramendia, Bizilagun, Goiz argi, Eceiza (Rondilla), Eceiza (San Frantzisko), Erreberri, Errotatxo (Andia kalea), Errotatxo (San Frantzisko), Garia, Gozona, Idaberri, Ogi Berri (Eskolapioetako lorategiak), Ogi Berri (Izaskun auzoa), Ogi Berri (Rondilla), Ogi Berri (San Frantzisko), Ogi Ona (Korreo kalea), Ogi Ona (MJ Iraola), Opil (Larramendi), Opil (Laskorain kalea), eta Saizar.
  • Zizurkil: Ogi Berri eta Saski.

Kanpaina ikusarazi eta herritarrak informatzeko, promoziorako bideo bat ere zabalduko da zinema aretoetan eta sare sozialetan. Kanpainarekin, herriko saltokiek eta kasu honetan okindegiek eta gozotegiek gure herriaren garapenean duten eragina nabarmendu nahi da, euskararen erabileran ematen ari diren pausuak txalotzeko. Saltokiei bezalaxe orain herritarrei dagokie eguneroko praktiken bitartez gertuko saltokietan ere euskara balioan jartzea.

Kanpaina honek eskualdeko udalen, merkatari elkarteen, Diputazioaren eta Jaurlaritzaren babesa jaso du.