Eusle izaten jarraitzeko asmoa du gurasoen %80ak

2016ko urrian Galtzaundi Euskara Taldeak Herrikide, Samaniego eta Laskorain ikastetxeetan eginiko gurasoen hizkuntza erabilera neurketak datu adierazgarri bat eman zuen: gurasoek haurrekin zituzten elkarrizketen %75 euskaraz izan arren, gurasoen arteko elkarrizketetan %46ra jaisten zen euskararen erabilera. %29 puntu gutxiago beraz. (Hemen Gurasoen Hizkuntza-Erabileraren Neurketa txostena).

Beraz, Tolosako ikastetxeetako haurren gurasoek orokorrean euskaraz badakiten arren, erabilera datua ez da ezagutzarena bezain handia. Kezka horretatik abiatuta, azken aldian Euskal Herrian hainbesteko oihartzuna hartzen ari den aktibazio prozesu bat martxan jartzea beharrezkoa ikusi da Tolosako ikastetxeetako gurasoen artean. Horrenbestez, 2017. urteko maiatzean, hiru astez, Guraso eusleen dinamika jarri da martxan Tolosako ikastetxeetan.

Ekimena amaituta, gurasoen parte hartzea aipatu behar da. Helburu xumea jarri zen hasieran: eskola bakoitzean astero sei guraso eusle izatea; guztira 54 guraso. Ia %36an gainditu da zifra hori eta 84 gurasok hartu dute parte dinamikan. Gainera, profil ezberdinetako jendeak hartu du parte ekimenean: euskaltzaleak, euskara utzita zutenak, etab.

Sakoneko behaketarik egin ez den arren, parte-hartzaileen testigantzetan oinarrituz, ikusten da bete dela helburu nagusia:

  • Euskaraz dakiten Tolosako gurasoak aktibatzea eta beraiek ahal zen neurrian beste gurasoekin euskarari eustea.

Azpi-helburu gehienak ere bete direla esan daiteke, gurasoen balorazioak jaso direnean: bai eusleak eta baita eusleen inguruko jende jakin bat ere euskararen garaiarekin sentsibilizatzea lortu dela diote gurasoek. Horrez gain, oharpen eta kontziente izate kontzeptua behin eta berriz agertu da balorazioetan eta jasotakoaren arabera, hiru gurasotatik batek lortu du euskarazko harreman berriren bat.

Horrez gain, aipatu beharrekoa da guraso askok izan duten jarrera, etorkizunari buruz galdetzean, hamar gurasotatik zortzik esan dute elkarrizketetan euskaraz jarraitzeko asmoa dutela eta askok aipatu dute (eta ez soilik balorazioan, baita WhatsApp bidez ere, etengabe gainera) gurasoekin soilik ez, jarrera 24 ordutara zabaltzen ahalegindu direlako asko eta asko.

Esteka honetan deskargatu daiteke Guraso eusleen egitasmoaren balorazio txostena.

Ikusgai dago ere Tolosako hiru ikastetxeetako Guraso eusleen esperientziak biltzen dituen erreportajea:

1 thought on “Eusle izaten jarraitzeko asmoa du gurasoen %80ak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude