Euskaraz hitz egiteko erraztasuna dutenen bila gabiltza

Beste ikasturte batez, Mintzalaguna egitasmoa martxan du Galtzaundi Euskara Taldeak. Baina zer da Mintzalaguna? Azken finean, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin, astea ordubetez, modu informalean elkartzea helburu duen egitasmoa da. Egitasmoan izena ematen dutenekin talde txikiak osatzen dira eta euskara praktikatzeko beharra ikusten duten Mintzalagunek, euskaraz ongi moldatzen diren hiztunen konpainia izaten dute beren artean.

Aurtengo izen-emate kopurua ikusita, euskaraz hitz egiteko erraztasuna duten hiztunen beharra dugu Galtzaundin, euskara praktikatu nahi duten horien bidelagun izateko. Esan bezala, astean ordubete elkartzeko konpromisoa eskatzen du hiztun izateak eta bertan parte hartuz, beren euskara gaitasuna hobetu nahi dutenei laguntza eskaintzen zaie. Horregatik, hiztun-poltsa osatzeko ahaleginetan ari gara Galtzaundin.

Euskara praktikatu nahi dutenei laguntzeko prest? Jarri zaitez gurekin kontaktuan 943 655 004 zenbakira deituz, galtzaundi@galtzaundi.eus posta elektronikora idatziz eta Tolosako Nafarroa etorbideko gure bulegoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude