Uztaritzen izan gara gure esperientzia partekatzen

Uztaritzeko Uztaritze-Tolosa Senidetze Elkarteak gonbidatuta, Galtzaundi Euskara Taldeko Xabier Saizar eta Jexux Murua izan dira larunbatean, maiatzak 19, Uztaritzen, Euskararen tokia zein ote da gure eguneroko bizitzan? gaia jorratzen. Aipatu elkarteko kide den Peio Berhocoirigoinen aurkezpen hitzak eta gero, Galtzaundiren ibilbideko mugarriak bistaratu ditugu, eta, Tolosaldean euskarak bizi duen egoera soziolinguistikoaren argi-itzalak azaldu ondoren, eskuartean ditugun hiru lan-ildo nagusien berri eman dugu: Galtzaundiren eskualdetzea, gizarte-aktibazioa eta Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren sustapena.

Eman ditugun ikuspegi eta azalpenen baitan, herritarrak antolatu, adostasunak bildu eta euskararen etorkizunarekin engaiatzeko premiaren ideia izan da gehien nabarmendu duguna, batzuk eta bestek ditugun baldintzak (lege, araudi, egitura, bitarteko …) kontuan izanik, bat egiten gaituen joko-zelaia delakoan.

Uztaritze, Senpere, Kanbo, Larresoro, Jatsu, Haltsu eta inguruko herrietako jendea bildu da bertara, Uztaritze eta inguruko herrietako euskara eta kultur bizitzan garrantzitsuak direnak tartean, eta arreta handiz jarraitu dituzte azalpenak. Ondoren, bertara bildu direnen gogoeta eta iritzi trukea izan dugu. Hitzaldia amaitu ondorengo aperitifa-n, eskertu dute gure ekarpena, aski argigarria izan zaiela esan digute, eta har dezaketen ibilbide baten hastapena izan daitekeela ere.

Uztaritzen izan gara gure esperientzia partekatzen 15 Uztaritzen izan gara gure esperientzia partekatzen 17 Uztaritzen izan gara gure esperientzia partekatzen 19